1. TXANPON BATEN TRUKE!
Jada hasi dira eguneko lehen eguzki izpiak usadioz gauri adioka. Mendi tontorren
atzetik lotsakiro beren muturtxoa erakutsiz lehenenik, eta mendiek babesturiko herrixkei
berauen burua osotasunean agertuz ondoren. Ni ere hasi naiz ohi denez oheko bi
aldeetarantz geldi egon ezinean,batera eta bestera bueltaka, ene loaren azken zizpurua
pixka bat luzatu nahirik eta gaua eguzki izpien antzera astiro-astiro agurtuz. Logelako
pertsianaren zulo ñimiñoetatik nire begietan isla eginez iratzargailuko “Pi,pi,pi....”
madarikatuaren antzera, maindireak nire gorputzetik askatzeko ordua dela ohartarazi
didate errainuek.Eta loaren azken arnasa, iritsi da ,azkenik, bere amaierara.
Begietako makarrak kentzen ditudan bitartean ,sukalderantz abiatu naiz nire gosea
asetuko duen basokada bat esneren bila. Logelatik sukalderako bidea, makina bat aldiz
egina dut ,erdi lo, inongo ustekaberik gabe.Gaur ordea, ez da ala izan. Ongi damutu naiz
bai, atzo korridore erdian poltsa bota izanaz. Bere tokian utzi izan banu,orain ez
nintzateke (madarikapenetan)arituko , nire behatz txikiko mina arindu naian .Sukaldera
iristea lortu dudan orduko telebista piztu dut, munduko berri izateko asmoz. Munduan
ordea ez da giro, eta hoberena isiltasunaren konpainian gosaltzea izango dela ohartu
naiz, hark ez bai du inor mintzen. Basokada esne berotik darion keak betaurrekoak
lausotzen dizkidan heinean, bekoz beko dudan erlojuan minutuak atsedenik gabe
dihardute aurrerantz. Eta ni ,begirada erlojuaren orratzengan so eta so dudalarik, nire
pentsamenduetan murgildu naiz zeharo.
Nire onera bueltatzean , atsedenik gabe ziharduten orratzek, ez dute jai hartu
zoritxarrez, eta jada korrika eta presaka jantzi behar izan naiz lanera orduan iristeko.
Ataritik lasterka batean irten , eta bost minuturen barruan geltokira iritsi naiz , arnas
estuka, ito beharrean.Iraduz nabilen arren, ez diot geltoki parean egon ohi den eskaleari
2. hutsik egin eta egunero maitekiro ematen diodan txanpona bota dut bere kartoi umel eta
hondatuan. Berak irribarre zabal batez erantzun dit ohi moduan,eta listo, biok pozik.
Gizon ñimiñoa bera, ile urdin batzuk ageri zaizkio bere adats luzean, urteen joanak ez
bai du inoren erregurik onartzen .Bere bi begi urdinek ikusi nuen lehen egunetik arrobatu
ninduten, gauaren iluntasunean distira berezia egiten duten horietakoak bai dira.
Trena abiatzeko zorian da, arnasa sakon hartu eta ene gorputza bi ateen artean
harrapatuta ez gelditzeko desioz korrika batean barrurantz salto egin dut. Presaka igo
naizenez bigarren bagoian topatu naiz,leku txit ezezaguna niretzat, eta eguneroko
monotonia eta ohiturek nire ohiko lehen bagoirantz eraman naute. Bertan aurkitu dut
azturazko jendea, betiko lekuetan eserita, eta betiko zer eginetan. Bata musika entzunez,
ondokoa erdi lo, eta bestea irakurketan murgildurik.Etxeko lanak trenean egiten dituzten
gazteak ere badira, maiz. Zer du monotoniak gizakia horrenbeste erakartzen duena ?
Egunsentiro nire parean leku hartzen duen gizona irakurtzen ari den liburua nire
mesanotxe gainean dagoena baina ezagunago dut jada. Eta zer esanik ez ondoko
emakumearen seme-alabez.Txartela ateratzerakoan diru zorroan daramatzan argazkiak
nire etxeko albumean daudenak baina jakinagoak ditut. Edo lepotik zintzilik daraman
idunekoaz, zenbat aldiz zenbatuko ote nituen nik erdian pilatzen diren perla kopurua!
Hausnarketa labur honen ondoren ohartu naiz gorroto dudala monotonia, ez dudala
atsegin egun guztiak berdinak izatea, grinarik gabekoak.Noizbehinka komeni dela jende
ezberdinez inguratu eta mundua gehiago ezagutu ahal izatea. Beraz, hurrengo egunetan
suertatzen zaidan tokian eseriko naizenaren hitz ematen diot neure buruari.
Atera berri naiz lanetik, eta oraingoan inongo presarik gabe hartu ahal izan dut etxera
gerturatuko nauen trena. Eguneroko monotonia hausteko hitza eman dut, eta ez dut
3. hitzik jateko asmorik. Beraz , geltokian nire parean gelditu den atean igo eta gertuen
zegoen eserlekuan eseri naiz.
- Hau bai hau aldea! Ba nuen eguneroko monotonia gogaikarria hausteko premia!-
pentsatu dut ozenean.
Jendeak nabarmenkeriaz burua nigana itzuli duenean ohartu naiz hobe izango zela
isiltzea, gauzak behar diren moduan hasteko,behintzat. Trena nire norakora heldu
denean nire lagun eskalearentzat txanpona ateratzeari ekin diot, ongi jakin bai dakit
betiko bazterrean egongo dela, bere txirula zaharrarekin betiko abestia joz. Hara or ,
bere monotonia ere. Bere betiko irribarre zabala espero nuen, baina hitz egiten hasi da,
nire antzera monotoniaren agintzaria egina izango balu bezala.
- Fabore bat egingo al zenidake ? Arren eskatzen dizut jainkoaren izenean!
- Zer nolakoa, alajaina?!
- Ogitarteko bat ekarriko bazenit asko eskertuk nizuke. Izan ere gaur ez dut diru
askorik bildu eta gose naiz.
- Noski, arazorik gabe gainera!
- Eskertzekoa da jauna!
Axola izango dit ba niri gosez dagoen tipo horri ogitarteko bat erostea? Entzutekoak
jaioak gara! Ogitarteko bat pertsona baten zoriontasun apur baten truke? Ez dago ezetz
esaterik. Eta zoriontasunaren inguruan , ene bizi osoan zehar buruan dabilkidan galdera:
zer arraio da zoriontasuna? Poltsikoak bete diru dituenarentzat zer izango ote da
zoriontasuna? Eta zer diozu munduan bakarrik sentitzen den horren inguruan? Txanpon
batek izango al du balio handirik harrentzat? Dena dela, zoriontsu garela begietaratzera
behartuta garenaren susmoa dut, triste egotea bekatu izango balitzen. Baina ,
gehiegikeriak ez omen dira onak, beraz, tipo jator onek ez du tristuraz abusatzeko
premiarik, eta nik horretan laguntzerik badut, zergatik ez urgatzi.
4. Lanaldi gogorra gaurkoa benetan. Bazkal ostean biao on bat egin eta utikan estresari.
Oraingoan, ostera, ez naute eguzki errainuen islak iratzarri , “ Pi, pi,pi..” madarikatuak
baizik. Baina iratzargailuaren harrabotsa tinbrearengatik ordezkatua izan da. Inoren
bisitarik espero ez nuen arren, nor izan zitekeen igarkizunetan hasi naiz. Miren izango
ote, ardo botila bat opari ekarriz, batera afaltzeko plana egitera datorrena? Ala agian
ondoko bizilaguna, bere porrusaldarentzat gatz apur baten eskean? Segundo gutxi
batzuk barru jagi , eta arrapaladan abiatu naiz aterantz , bestaldean sorpresa eder bat
topatzeko itxaropenarekin. Eta zinezko izateko , bestaldean topatu dudanak ustekabean
harrapatu nauela aitortu beharrean nago. Nor izango, eta geltokian egon ohi den eskalea
nire etxeko atarian. Burua milaka galderez bete zait, begiak bere aurpegian so ditudan
bitartean. Gizakiok askotan bidaiatzeko aztura dugun beste mundu horretan murgildu
naiz, askok ilargitzat jotzen duten mundu hartan. Bere hitzek ordea benetako mundu
fisikora bueltan ekarri naute, “ilargitik”.
- Barka iezadazu berriro, baina, kalean ez da giro eta burusi bat utziko al zenidan
galdetzera nator, inporta ez bazaizu behintzat.
- Nola jakin izan duzu non bizi nintzen?!
- Lanetik bueltan txanpona ematean, txartel hau erori zaizu diru-zorrotik, eta
helbide bat idatzita zekarrenez zurea zela pentsatu dut.Kalearen gertutasunagatik
gehienbat.
Manta eman eta eskerrik asko baten esperoan,oraindik izenik ere ez dakidan
tipoaren parean geratu naiz, baina bera mugitu ere egin gabe, bere begi urdinak
nireetan finko eusteari ekin dio. Bere begiek hitz egiteko gaitasuna izango balute
bezala, afaltzeko gonbitea egitera erregutzen zidaten, eta nik, hasiera batean nahi ez
nuen arren, gonbitea luzatu diot, erantzuna baiezkoa izango zela jakinik,noski. Esan
5. orduko damutu naiz, ez bai nuen berekin inongo aparteko traturik espero. Egunero
txanpona emateak, ez dit axola, baina, hortik etxean hartzera alde ederra dago.
Azkenean ordea, ez dut kexurik igarotako gauaz. Ezagun baina aldi berean ezezagun
nuen tipo hura hobekiago ezagutzeko aukera eman bai dit. Luze ihardun dugu elkarren
berri emanez, eta asko balio izan dit, aurrerantzean bizitzaren jokoan kontu handiz
ibiltzeko, estropuz egitean ahal bezain azkar altxatzeko , uneoro bizitakoaz eskerrak
emateko, baita inguratzen nauen jendea, itsaso zabalean dauden angula preziatuak
baliran aukeratzeko ere....
Istorio latza, ene orain lagun Anttonek, kontatutakoa. Bere izena jakin badakit, jada,
baita bizitzan aurrera ateratzeko ausardia handia erakutsi duela ere.Izan ere, ez da errez
bereganatzen egun batetik bestera, begien kliska batean, gurasoak galdu eta kale erdian
geratzea, eta bakarrik gainera , zu eta mundua, mundua eta zu. Ez zait bidezko iruditu,
agur esan eta bera kale erdian dagoela, nik , bizitzan zortea izan dudalako soilik , nire
maindireen goxotasunean lo egitea. Nire teilatupean atseden hartzeko gonbita luzatu
diot,beraz.
Hurrengo goizean, batera irten gara, bakoitza bere zereginetara. Eta ohi moduan,
txanpontxoa eman diot; monotonia hori ez dudalako galdu nahi. Bueltakoan, ordea,
Anttonen txokoa hutsik aurkitu dut. Garrantzirik eman gabe, etxerako bidea jarraitu dut,
nire biraoarekin ametsetan, dagoeneko.Eta atzoko ordu berdinean, atzoko “Pi,pi,pi....”-a,
eta ate atzean atzoko irudia, eta “Ilargira” egindako atzoko bidai berbera. Eta horrela
hilabeteetan. Ni aitzitik hausten saiatutako monotonia, niri segika. Eta bizitza egun
batetik bestera aldatzen den moduan, begien kliska batean, hilabeteetako monotonia bat-
batean hautsia, zeharo.
Egun euritsua gaurkoa, geltokitik etxerako bidea inoiz baino arinago egin dut, etxera
blai ez iristeko esperoan. Eta giltza zerrapoan sartzera noala,sartu ezin naizela ohartzen
6. naiz,eta burua altxatzean , notatxo bat atean itsatsirik, askotan nire arratsaldeak
atsegingarri bihurtzen zituen kantak, gaurkoan, kontrako lana bete du:
Eta denborak
aldatuz joaten dira;
denboragile berriek
liluramendu berriak
sortuko dituzte,
eta zuk,eta zuk,
zure denbora zaharkituaren
auzirik gabeko aberea,
nehoiz ulertu gabeko
askatasunaren kantura
joko duzu,
ardo mikatzetik
edaten duzun artean.
Itsaso zabalean angulak harrapatzea, denok dakigu ez dela lan erraza. Eta onak
harrapatzea are gutxiago.Baina zortea zure alde ez dagoenean, eta harrapatutako angulak
kaltedunak izatean, ez etsi, segi bila eta topatuko duzu eskukada oparoren bat.
Eta kale izkinan, ene burua, oraingoan. Gauaren freskurak nire aurpegia ferekatzen
didan bitartean, betiko ilargirako bidaia.Eta bizitzak ematen dituen jira-birak
pentsamenduetan dantzari.Bizitza erruleta bat da, beti biraka dabilena, eta noizbait
bukatuko dena. Baina bitartean beti ibiliko da jiraka, eta buelta bakoitzak beti izango du
hasiera eta bukaera bat.
Hurrengo goizean,badoa Antton geltokira korrika batean, eta nire ondotik pasatzean,
txanpona bota du nire kaxatxo zaharrean. Erruletak bukatu du buelta, eta txanpon
hotsarekin, ekin dio jada hasiera berriari, nire ongizatera bueltatuko nauenari.
Odolak bero eta burua arro dagoenean, errez sartzen da bat itsumenean, baina
atsekabe eta saminak beti datoz ondorenean, eta erruleta bere onera bueltatzen den
bitartean, limosnatxo bat eskatuko dut jainkoaren izenean!
Amaia Erauskin Godoy
Beasain 2.009 ko azaroa