Administrazioko testugintzan sakontzeko ikastaroa (Europako Erreferentzi Marko Bateratua C2 mailara egokitua) IVAP 2010 Galdera horiei emandako erantzunek erakutsiko digute testuaren balioa, neurri batean. Baina, jakina, ez da hori egin behar testua ekoitzi eta berehala, une horietan barru-barruan egon ohi delako idazlea, eta zaila zaio urruntzea.
Akatsik, dela morfosintaktikoa, dela ortografikoa, ez litzateke onartu behar, baina, halere, baliteke bat edo beste izatea, ez baitako idazlerik akatsik egiten ez duenik; nolanahi, ezin da sistematikoa izan, alegia, ezin da errepikatu.
Testuak xede komunikatiboa bete behar du. Kontuan hartu behar da zein testu mota den, zien egitura behar duen, ideien antolaketa… Arlo honi dagokionez, oso garrantzitsua da testuari ekin aurretik ongi planifikatzea testua, eta idazten hasi aurretik testuaren egitura nagusia zein den aurreikusten badugu, errazago lotuko eta antolatuko ditugu ideiak. Hala eginez gero, irakurleak errazago jarraituko dio testuaren hariari. Hori egin ezean, gerta daiteke ideiaren bat errepikatzea, gaiari heldu ordez adarretatik ibiltzea, ideia nagusiak nahas-mahas azaltzea…
Puntuazioa da kohesiorako tresna garrantzitsu bat. Askok uste du koma bat jarri behar dela arnasarik gabe geratu aurreko unean, edo ahozko jardunean eten prosodikoa egiten denean idatziz koma jarri behar dela… Jakin behar da noiz eta nola erabili behar diren. Hiru edo lau arau emango dugu hemen Subjektuaren eta aditzaren artean ezin da koma bakarra jarri. Gauza bera gertatzen da objektuaren edo galdegaiaren eta aditzaren artean, Jartzekotan, aposizioa, tartekia edo beste esaldi bat dagoelako, gutxienez bi koma egon behar dira aditzaren eta beste elementuaren artean, baina ez koma bakarra. Esaldi nagusiaren eta mendekoaren artean, oro har, koma jarriko dugu, baina mendekoa aurretik badoa eta galdegaia baldin bada, orduan ez. Perpausak lotzen baditugu eta, edo, baina juntagailuarekin, horien aurretik koma jarriko dugu. Bi esaldi lotu nahi baditugu, eta horietatik batak koma badu, orduan puntu eta koma erabil dezakegu. Edonola ere, puntua ere erabil daiteke puntu eta komaren ordez. Bestalde, kohesio baliabideak egundoko aukera ematen dute tetsua argiagoa era komunikatiboagoa izan dadin. Baina testua ez da baliabide horietara makurtu behar. Lokailuka, juntagailuak eta enparauak diskurtsoaren mesedetan erabili behar dira, baina behin ere ez da eratu behar diskurtsoa horiek ager daitezen. Baliabideak dira, ez helburu.
Egoera zein den, halako hizkuntza-erregistroa erabili behar da. Testua sortzen dugunean, irakurle bagina bezala jokatu behar dugu. Zenbat eta gehiago irudikatu hartzailea, hainbat hobe.